Balorazioa

ESP

Laugarren edizioa agurtzeko jaialdiaren garapenean ezinbestekoak izan diren 3 profesionalen balorazioak bildu ditugu: Itziar Bastarrika Madinabeitia, Argi Festibaleko zuzendari artistikoa, Juan Biain, ARANTZAZU GAUR FUNDAZIOAren zuzendaria eta Jon Cazenave, Argi Arantzazu 2019ko komisarioa:

Itziar Bastarrika Madinabeitia, Argi Festibaleko zuzendari artistikoa:
Ilunpetan Argazki taldeko kideok oso pozik gaude Argi Festibalaren laugarren edizioak utzi dizkigun bizipenen ostean. Hazten doan festibala honi, edizioz edizio, ukitu bereziak ematen saiatzen gara, eta aurtengo apustua argazkilaritza ukigarria eta presentziala proposatzea izan da. Horretarako, antolatu ditugun 7 erakusketetatik 5 kalean jarri ditugu, Bookjockey saioa plazan egin dugu eta kamera estenopeiko erraldoia ere plaza erdian kokatu dugu. Argazkilaritza zabaltzen jarraitzen dugu beraz; aintzinako eta bertoko argazkilaritza, Euskal Herrian gaur egun egiten ari den autore argazkilaritza eta maila internazionalean kokatzen den argazkilaritza kontzeptualaren arteko fusio eta oreka polita lortu dugu aurtengo programazioan.

Herritarrek argazkilaritza bertatik bertara aurkitu dute eta honek esperientzia berriak sorrarazi ditu. Leku itxietan burututako ekitaldi eta erakusketetan ere jendeak gustoz parte hartu du eta honek guztiak askotariko erreakzio positiboak sorrarazi ditu. Eskerrak eman nahi dizkiegu guk proposatutakoaz gozatu duten guztiei, eta bereziki Argi Festibala 2019 posible egin duten autore eta entitateei.

59521617_2230314107076642_8207133863533608960_o.jpg

Juan Biain, ARANTZAZU GAUR FUNDAZIOAko zuzendaria:
ARGI ARANTZAZU 2019 bikotean sortutako erakusketa ikusteak berretsi du, Arantzazuk artisten arteko topaketarako eta elkarrizketarako leku paregabea izaten jarraitzen duela.

ARGI ARANTZAZU 2019ren abentura 2018ko abenduan hasi zen, “Paisaia eta identitatea” gaiari buruzko edizio honetarako prestatutako lehiaketaren oinarriak argitaratzearekin batera.

Hamahiru nazionalitatetako 164 proposamen jaso izanak gure aurreikuspen guztiak gainditu zituen eta epaimahaiak sakon murgildu behar izan zuen aukeraketa lanetan, Arantzazun hamabost eguneko egoitza artistikoarekin sarituak izan ziren bi artista hautatzeko.

Aurtengo irabazleak Elisa Gallego Picard eta Antonio Guerra izan dira. Beraien egoitza artistikoan, Arantzazun, Jon Cazenave erakusketaren komisarioaren ondoan lanean gogor ikusi ditugu. Artista horiek erakutsi digute “begiradek paisaiak eraikitzen” dituztela eta “Arantzazuko basilikaren ikonoa den diamante-punta baten kokapen bertikalaren bidez, mendi bat sortu ahal izan dutela”.

Abentura honek ilusioz bete gaitu hurrengo edizioetan lanean jarraitzeko. Gure eskerrik beroena Ilunpetan Argazki Taldea, Itziar Bastarrika, Jon Cazenave, Elisa Gallego Picard, Antonio Guerra, Lurdes R. Basoli, Miren Pastor, Juan Pablo Huercanos, Erika Goyarrola eta amets hau errealitate egiten lagundu diguten guztiei.

IMGP2768.jpg

Jon Cazenave, Argi Arantzazu 2019ko komisarioa:
ARGI ARANTZAZU 2019k erakusketa izateari utzi dio, esperientzia bilakatzeko. Isiltasuna, natura eta kultura izan dira, bi asteko egoitza artistikoan zehar, Elisa eta Antoniori babesa eman diotenak, zeinetan paisaiaren eta identitatearen ideiara hurbilduz proiektu bat intentsitatez garatu duten, formalizazio distiratsu eta ausarta erabiliz. Esker hitzak besterik ez ditut artisten izugarrizko konpromiso eta eskuzabaltasunagatik, Érika Goyarrola eta Juan Pablo Huércanosen laguntzagatik eta Arantzazu Gaur Fundazioaren eta Ilunpetan taldearen etengabeko babesagatik.

ARGI ARANTZAZU_1 (1).jpg