ARGI ARANTZAZU 2019 erakusketa

This slideshow requires JavaScript.

ESP

Paisaiaren eraikuntza

“Paisaia ez dago horrenbeste begiratzen den objektuan, begiratzen duenaren begiradan baizik. Ez da aurrean dagoena, baizik eta ikusten dena”.

Javier Maderuelo
Paisaia. Kontzeptu baten genesia

 

Paisaiako argazki bat leku jakin batetik begiratzen den eremua modu subjektiboan irudikatzen duena da, eta paisaiak, gizakiaren begirada eta zentzumenak, pentsamendua barne, definitzen dituen kultura-sorkuntza dela onartzen du. Beraz, paisaia ez da espazio fisiko gisa existitzen, baizik eta leku jakin baten kontenplazioa, emozioa eta barneratzea abiapuntu hartuta sortutako ideia batean bihurtzen da.

Elisa Gallegok eta Antonio Guerrak, Arantzazun, aurkezten dituzten bi lanetan, paisaia argazkigintzari buruz hitz egingo dute, sorkuntza garaikideko testuinguru batean, lehen aipatutako ideiei beste esanahi-geruza bat gehitzen diena: paisaiak kontenplazioaren emaitza izateari utziko dio, eraiki daitekeen zerbait bezala pentsatua izateko. Bi astetan zehar gauzatu den egoitza artistikoan, bi autoreek Arantzazun lan egin dute beraien erakusketa-proposamena eraikitzeko, espazioa esperimentatuz, jendea ezagutzen, eta tailerrean sakonki lagunduz. ARGI ARANTZAZU 2019k, Arantzazu Gaur Fundazioaren eta Ilunpetan Argazki Taldearen eskutik, lan honen fruitua aurkezten du.

‘Maqueta de un paisaje’ lanean, Elisa Gallegok maketa lan-tresna gisa erabiltzea proposatu du, eskala murriztuan ideia-paisaia gauzatzeko. Egoitzak iraun duen bi astetan zehar, egileak harriak biltzen ditu bere txangoetan, arotzak eta errementariak bisitatu ditu egurra eta metala lortzeko eta, Corten altzairua herdoiltzen du, ondoren Arantzazuko txokoetan jartzeko, eta horrela, paisaia efimeroak eraikitzen ditu. Inguruan duen guztia arretaz begiratzen du, bertako jendeari galdetzen dio, eta atsedenik gabe lan egiten du, ondoren, ikusten duena lurrera eraman ahal izateko, material, kolore, egitura eta formen konbinazio infinituko joko baten bidez. Emaitza, aldi berean, galdekatzen eta seduzitzen duen irudia.

‘Comportamiento para un simulacro’ lanean, Antonio Guerra argazkilariak, argazkigintza benetako ilusio sortzaile gisa eta paisaia ilusioz betetako eraikuntza sozial gisa planteatzen du. Artistak bere azken ondorioetaraino darama gizakiak naturarekin duen harremana, eta, horretarako, interbentzioa eta eszenifikazioa erabiltzen ditu ingurunearen ikuspegia eraldatzeko eta haren irudikapen fotografikoa birdefinitzeko. Egoitzak iraun duen bi astetan, autoreak -etenalditik eta isiltasunetik- ulertzen du bizi izan duen espazioa, eta, ondoren mimo handiz aukeratzen ditu piezak, “Inguruko paisaiaren elementu naturalak erakusgelara garraiatzen dutenak, toki, eszenatoki eta ekintza zentzua gogora ekartzeko”. Bere lanak kareharriaren higadura, mendiaren izaera totemikoa eta basoen dentsitatea islatzen ditu, argazkiaren mugak aztertzen eta zalantzan jartzen dituen lengoaia baten bidez ordezkaturik.

Bi artistek pieza bat sortzeko enkargua jaso dutenean sortu da erronka, Arantzazun bizi izandako esperientzia jaso eta areto batean erakustea. Sorkuntza partekatutako ekintza bihurtzen da. Frantziskotarren barrunbeetara egindako bisitan, Juan Ignacio aitak gidatuta, basilikaren aurrealdeko arantza bat aurkitu dute biltegi batean, eta erakusketa-espaziora eramatea erabaki dute. Harri ikoniko bat jartzen dute posizio bertikalean eta mendi bat sortzen dute. Hori da, hain zuzen, bi autoreak inguruneak ezarritako muga guztietatik askatu ziren unea, eta Arantzazuko identitatea eta paisaia askeago azaltzen dira erakusketa honetan. Paisaia keinu sinple batekin eraikitzen da.

Jon Cazenave, komisarioa.

 

Erakusketa apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean egongo da ikusgai, ostiraletan 16:30etik 19:30era, eta larunbat, igande nahiz jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era, Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Sarrera doakoa da.