ARGI ARANTZAZU 2019. Deialdi Irekiko oinarriak

DEIALDIA ITXITA

 

ARGI ARANTZAZU DEIALDIAREN OINARRIAK

ARGI Festibalak eta Arantzazu Gaur Fundazioak ARGI ARANTZAZU 2019: egoitza artistikoa eta erakusketa deialdia aurkezten dute. Deialdiaren helburua argazkigintzako bi lan aukeratzea da, ARGI 2019 festibalak irauten duen bitartean, Arantzazuko Gandiaga Topagunean binakako erakusketa batean erakusteko.

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Deialdian adinez nagusi den edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, betiere proposamena egoki beteta bidaltzen badu, euskaraz edo gazteleraz.

Proposamena edizio honetan proposatutako gaiaren gainekoa izan behar da: PAISAIA eta IDENTITATEA. Gaia modu librean eta subjektiboan landu daiteke.

Edizio honetan bakarkako lanak bakarrik onartuko dira.

Deialdi honetan proiektu bat baino gehiago bidaliz gero, formulario bat bete beharko da proposatutako lan bakoitzeko.

Izen ematea doakoa izango da.

SARIA

Erakusketa:

ARGI Festibala eta Arantzazu Gaur Fundazioa arduratuko dira aukeratutako lanen erakusketa bikoitza egiteaz. Horretarako gehienez 2.500 euro edukiko dute aurrekontu gisa, eta zenbateko hori gaindituz gero, aparteko gastuak egilearen kontura izango dira.

Behin festibala amaitutakoan, antolakuntzak egile bakoitzaren lan bana aukeratuko du bere artxiborako, eta gainontzeko lana egileari itzuliko dio. Erakusketa amaitu ondoren, obra horren garraioak eragindako edozein gastu egilearen kontura izango da.

Aukeratutako egileek inaugurazio egunean eta erakusketa muntatzeko aurretiko egunetan aretoan egon beharko dute.

Festibala arduratuko da parte hartzaileei ostatu emateaz. Goiko Bentan hartuko dute ostatu, Arantzazuko basilika eraiki zen bitartean Jorge Oteiza egon zen ostatuan. Antolatzaileek egileen joan-etorrien gastuak ordaintzeko, 100 euro ordainduko dizkie.

Egonaldi artistikoa:

Aukeratutako lanen erakusketa-proposamena Arantzazun bi asteko egonaldi artistikoaren esparruan kontzeptualizatuko da. Lurdes R. Basolí-k (argazkilaria eta ARGI ARANTZAZU 2019ko komisarioa) eta Jon Cazenave-k (argazkilaria eta ARGI ARANTZAZU 2019ko komisarioa), sortze-prozesuaren jarraipena egingo dute eta azken azalpen proposamena gainbegiratuko dute. Horrez gain, egileek bi lan-saio izango dituzte, testuinguru artistikoan ospe handiko bi profesionalekin.

Egonaldi artistiko honek bi egileren arteko topagune bat sortu nahi du, Arantzazu Gaur Fundazioaren erakusketa aretoan egingo den erakusketa bat diseinatzeko, ARGI 2019 festibalaren barruan.

Arantzazu bezalako testuinguru estimulatzaile batean, egileek beren proiektuen azterketa intentsiboa, bi lanen arteko alderdi komunak identifikatzea, frikzio posibleak baloratzea eta binakako erakusketaren diseinuan erabaki eraginkorra hartzea izango dituzte helburu. Komisarioek prozesuan zehar artistei aholkua emango diete, beraiek beharrezkotzat jotzen dutenean.

Hautatutako bi pertsonek, lan-denboraren zati bat, erakusketan sar daitekeen material berria sortzeko erabili ahal izango dute. Sorkuntza berriko materiala bi egileen artean sortu ahal izango da, edo bakarka.

Aurtengo lan-saioak Juan Pablo Huércanos (Jorge Oteiza Museo Fundazioko zuzendariordea) eta Érika Goyarrola (artearen historialaria eta komisario independentea) bideratuko dituzte. Saio horiek bereizita egingo dira egoitza artistikoan, eta erakusketa-proposamena garatzera bideratuko dira. Horrela, hautatutako pertsonek beraien lanak eta erakusketa-proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, eta, horrela, Arantzazuko lan-egunetan erabilgarri izan daitekeen feedback-a lortuko dute.

Egoitzaldia amaitzean, hautatutako pertsonek euren esperientzia eta emaitzak partekatuko dituzte publikoari irekia egongo den hitzaldi informal batean, Arantzazuko Gandiaga gunean.

Hautatutako pertsonak Arantzazuko Aterpetxean hartuko dute ostatu Arantzazuko egonaldian. ARGI festibalak eta Arantzazu Gaur Fundazioak ostatu-gastuak eta mantenua beregain hartuko dituzte. Erakundeak 100 euro gehiago ordainduko ditu egilearen joan-etorrietarako gastuetarako.

EGUTEGIA

Proiektuak aurkezteko epea 2018ko abenduaren 19an hasi, eta 2019ko urtarrilaren 29an bukatuko da, 22:00an (CET ordua, Espainiako ordu penintsularra). Ordu hori baino geroago lanik aurkezten bada, ez da onartuko

  • 2019/03/15: Egonaldi artistikoaren hasiera
  • 2019/03/16: Juan Pablo Huércanos-ekin lan saioa
  • 2019/03/23: Érika Goyarrola-rekin lan saioa
  • 2019/03/29: konferentzia eta egonaldiaren amaiera

Erakusketa 2019ko apirilaren 12an inauguratuko da.

EPAIMAHAIAREN EBAZPENA

Epaimahaiaren ebazpena 2019ko otsailaren 5ean iragarriko da. Aukeratutako hautagaiei posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie egun batzuk lehenago.

Proiektuak ebaluatzeko, kontuan hartuko da haien kalitatea eta planteatutako gaiarekin bat datozen: PAISAIA ETA IDENTITATEA

Epaimahaiak kontuan hartuko du aurkeztutako proiektuen kalitate artistikoa, proposatutako gaiarekiko leialtasuna eta aretoaren erakusketa parametroetan bideragarri izatea.

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

EPAIMAHAIA

Juan Biain (Arantzazu Gaur Fundazioko Kudeaketa arduraduna)

Itziar Bastarrika (argazkilaria eta ARGI Festibalaren zuzendari artistikoa)

Jon Cazenave (argazkilaria eta ARGI ARANTZAZU 2019aren komisarioa)

Lurdes R. Basoli (argazkilaria eta ARGI ARANTZAZU 2019aren komisarioa)

MATERIALA

Hautagaitza bat aurkezteko, izena emateko formularioa bete beharko da:

  • Izena emateko fitxa; deialdiaren baldintzak irakurri eta onartzen direla adierazi beharko da
  • Proiektuaren memoria (300 hitz gehienez).
  • Biografia (ibilbidea/erakusketak/argitalpenak, 300 hitz gehienez, euskaraz edo gaztelaniaz).
  • Gehienez ere proiektu bereko 15 irudi *, JPG formatuan, 1920 pixelekoa alde handienean eta 72ppp-ko bereizmenekoa. Argazkiak eskema honen arabera izendatu beharko dira: “IzenaAbizena-izenburua-zenbakia.jpg”, non “IzenaAbizena” egilearena izango den, “izenburua” proposatutako proiektuarena, eta “zenbakia” argazki bakoitzak serie barruan eta proposatutako hurrenkeran daukan lekuarena. Adib.: “AmaiaSanchez-Laberintos-01”; “AmaiaSanchez-Laberintos-02”; etab.
    *Irudiak bidaltzeko, Drive edo Wetransfer bidez deskargatzeko esteka bat erabiliko da.

Deialdi honetan proiektu bat baino gehiago bidaliz gero, formulario bat bete beharko da proposatutako lan bakoitzeko.

Deialdia ixten den egunean baldintza guztiak betetzen dituzten hautagaitzak bakarrik onartuko dira, eta hauek izango dira epaimahaiaren ebazpenaren menpe jarriko direnak.

AUKERATUTAKO PROIEKTUEN PRODUKZIOA

Aukeratutako egileek ARGI ARANTZAZUko komisarioekin elkarlanean aritu beharko dute erakusketaren proposamena diseinatzen.

Lana behar bezala argitaratu eta produzitzeko aukeratuak izan diren pertsonek Arantzazuko egoitza artistikoa amaitzerakoan, beharrezko artxibo guztiak eskaini beharko dituzte kalitate altuan.

Obra edo obraren zati bat aurretik produzituta egongo balitz, eta erakusketan sartzeko aukerarik ikusiz gero, antolakuntza egingo da berau garraiatzearen erantzule, zerbitzuaren kostua, erakusketaren produkziora bideratuko 2500 euroko kostu orokorrari kenduz.

BALDINTZAK

Egileak izango dira obraren eta obraren ondoriozko eskubideen jabeak. Festibalak agintzen du erakusketaren berri emateko baino ez den materiala zabalduko duela, esku-orrietan, karteletan, sare sozialetan eta lotutako bestelako offline eta online euskarrietan.

Erakusketa amaitu eta gero, antolatzaileek pieza bat aukeratuko dute ARGI Festibalaren bildumarako, eta gainerako lanak egileei bueltatuko dizkiote. Obrak entregatzeko garraio gastuak egilearen kontura izango dira.

Egileek egiaztatzen edo ziurtatzen dute aurkeztutako obrak originalak direla eta ez dutela inola ere hausten Jabego Intelektualari buruz Espainian indarrean dagoen Legeak ezartzen duena, eta ez direla inola ere babestutako beste lan batzuen faltsifikazioak.

Lehiaketan aurkeztu diren lanetan hirugarren pertsonak edo beste artista batzuen lanak agertzen badira, egileak edo taldeak bermatzen du hirugarren pertsona horiek edo artista horiek baimena eman dutela beren irudia edo beren lana agertzeko edo erreproduzitzeko.

Deialdi honetan parte hartuz, egileek baimena ematen dute batzorde antolatzaileak aukeratutako edozein irudi proiektuaren sustapenerako erabiltzeko.

GARRANTZITSUA

Deialdi honetan parte hartzeak esan nahi du oinarri hauek erabat onartzen direla.

Edozein informazio osagarritarako, idatzi  argiarantzazu@gmail.com helbidera.

 

IZEN EMATE ORRIA BETE